Irisgarritasunaren gida

Fekoorrek gida bat egin du etorkizuneko Bizkaiko Emakumeen Etxeak diseinutik hasita irisgarriak izan daitezen

Desgaitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak (Fekoor), Berdintasunaren aldeko Emakumeen Batzordearen bidez, dokumentu bat egin du lurraldeko etorkizuneko Emakumeen Udal Etxeek bete behar dituzten irisgarritasun-irizpideekin.

Helburua da leku horiek prestatzen dituzten udalek gida tekniko bat eskura izatea, desgaitasuna duten emakume guztiek aukera berdinak izan ditzaten sartzeko eta parte hartzeko.

Izaskun Jimenez Fekoorreko Berdintasun teknikariak azaldu duenez, dokumentua udalei proiektuen hasieratik laguntzeko sortu da.

“Emakumeen Etxea definitzen edo diseinatzen ari diren Bizkaiko udalei tresna tekniko argi bat eman nahi diegu, irisgarritasunerako behar diren jarraibideekin”, zehaztu du; eta honako hau gaineratu du: “espazioa hasieratik oztoporik gabe planifikatzea da udalerriko emakume guztiak baldintza berdinetan sartu eta parte hartu ahal izatea ziurtatzeko modua”.

Irizpide teknikoak

Beste irizpide batzuen artean, gidak honako irizpide hauek betetzea eskatzen du: kaletik Etxeraino eskailerarik gabeko ibilbidea egitea, gutxienez 0,90 metroko zabalera duten ateak izatea, gehienez % 10eko maldak izatea, igogailuak zero kotan edukitzea eta gutxienez komun egokitu bat egotea, biratzeko 1,80 metroko lekua duena.

Era berean, desgaitasun desberdinak dituzten emakumeak kontuan hartzen dituzten larrialdi-planak jasotzen ditu, ikusizko abisuekin eta abisu akustikoekin.

Dokumentua ideia honetan oinarritzen da: baliabide bat irisgarria da pertsona guztiek modu autonomoan erabil dezaketenean. Horregatik, Fekoorrek gogorarazi du irisgarritasunaren ikono unibertsala irisgarritasuna erabatekoa denean bakarrik erabil daitekeela.

Astelehen honetatik aurrera, Fekoorrek informazio-kanpaina bat abiatuko du sare sozialetan, irisgarritasun-gida hau ezagutarazteko.

Dokumentua Bizkaiko udaletako teknikarien eta politikarien eskura dago, proiektuak idazten dituzten bitartean kontsultatzeko. Informazio hori eskuratu edo zabaldu nahi duenak www.fekoor.com webgunea bisitatu dezake, fekoor@fekoor.com helbidera idatzi edo federazioaren egoitzara joan (Blas de Otero kalea 63, behea, Bilbo).

Sartu gidara