
14 Apr 2025eko Errenta Kanpaina Bizkaian: berritasunak eta zerga-kenkariak
Fekoorretik 2025eko Errenta Kanpainaren berritasunen eta desgaitasunarekin eta/edo mendetasunarekin lotutako hainbat zerga-kenkariren berri eman nahi dugu. Kanpaina apirilaren 15ean hasiko da eta ekainaren 30ean amaituko da.
Aurtengo zerga-ekitaldiko berritasunak
Kanpainako informazioak hainbat berritasun garrantzitsu jasotzen ditu:
- Laneko etekin gordinetan 20.000 € baino gutxiago jasotzen dituzten pertsonek ez dute zergarik ordaindu beharko.
- PFEZaren ondorioetarako, “gazte” kontzeptua birdefinitu da, eta zerga-tratamendu onuragarria jasotzeko adina 35 urtera igo da.
- 1950-1985 aldian talidomidak eragindako pertsonei emandako laguntzak errenta salbuetsiei gehitu zaizkie.
Nola egiaztatu desgaitasuna edo mendetasuna duen pertsonaren egoera
Kenkari jakin batzuk baliatu ahal izateko, dagokion egoera egiaztatu behar da:
- Desgaitasuna duten pertsonak: Foru Aldundiak emandako desgaitasun-ziurtagiria edo ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia dela-eta prestazioak jasotzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa.
- Mendetasun-egoeran dauden pertsonak: Aldundiko organo eskudunak emandako ziurtagiria.
Familia- eta norberaren kenkariak
1. Ondorengoagatiko kenkaria
- 668 € lehen ondorengoagatik
- 827 € bigarrenagatik
- 1.393 € hirugarrenagatik
- 1.647 € laugarrenagatik
- 2.151 € bosgarrenagatik eta hurrengoengatik
- 386 €-ko osagarria, 6 urtetik beherako ondorengo bakoitzeko
2. Elikadura-pentsioen ordainketagatiko kenkaria
Epailearen erabaki bidez seme-alabei elikadura-pentsioak ordaintzen bazaizkie, ordaindutako kopuruen %15 kendu ahal izango da, ondorengoagatiko kenkariaren %30eko mugarekin.
3. Desgaitasunagatiko edo mendetasunagatiko kenkaria
Desgaitasuna duten zergadunentzat edo haiekin bizi diren desgaitasuna duten senideak dituztenentzat.
Zenbatekoak, desgaitasun- edo mendetasun-mailaren arabera:
- %33 eta %65 artean: 888 €
- %65 edo handiagoa, edo mendetasun ertaina: 1.268 €
- Mendetasun larria: 1.521 €
- Mendetasun handia: 1.897 €
4. Adinagatiko kenkaria
- 65 urtetik gorakoak: 375 €
- 75 urtetik gorakoak: 682 €
- Zerga-oinarria 20.000 €-koa edo txikiagoa izan behar da.
5. Desgaitasuna duen pertsona baten ondare babestuari egindako ekarpenengatiko kenkaria
Ekarpenen %30 kendu ahal izango da, urtean 3.000 €-ko mugarekin.
Hirugarren mailara arteko senideei, izatezko bikoteei eta tutoretzapean edo harreran dauden pertsonei aplikatu ahal zaie.
Beste kenkari aipagarri batzuk
Adingabeen eta desgaitasun- edo mendetasun-mailaren bat duten pertsonen zaintzagatik kenkaria
250 € kendu ahal izango dira Etxeko Langileen Sistema Berezian afiliatutako langileak modu mugagabean kontratatzeagatik, kanpainako informazioan jasotzen diren kasuetan.
Zenbatekoa 500 €-koa izango da zaintzailea %65eko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonen edo edozein mendetasun-mailatan dauden pertsonen zaintzako profesionaltzat hartzen denean, betiere ezarritako baldintzak betetzen badira.
Ohiko etxebizitzaren alokairuagatik kenkaria
%65eko edo hortik gorako desgaitasuna edo mendetasun-mailaren bat aitortua duten zergadunek zergaldian ordaindutako kopuruen %35eko kenkaria aplikatu ahal izango dute, urtean 2.800 €-ko mugarekin.


